BASURDEREN MARRAZKIA | Ipuina euskaraz (Frustrazioa eta sormena)
Автор: Euskal Produkzioak
Загружено: 2025-12-07
Просмотров: 136
Ipuin hau PDF formatuan, inprimatzeko prest, hemen:
https://labur.eus/Basurderen_marrazki...
Basurde basoko eskolan dago eta marrazki perfektu bat egin nahi du, baina gauzak ez dira berak espero bezala ateratzen. Haserrea, frustrazioa eta mahai azpiko ezkutalekua... Lortuko al dute Azerik, Oreinek eta Hontza irakasleak Basurde animatzea?
Ipuin honek erakusten digu akatsak egitea normala dela, eta batzuetan, hanka-sartze batetik gauza zoragarriak sor daitezkeela. Adiskidetasunari, autoestimuari eta emozioen kudeaketari buruzko bideo-ipuina, 6-8 urteko haurrentzat aproposa.
Ez ahaztu harpidetzea ipuin gehiago ikusteko!
IKASKUNTZA HELBURUAK
-Autokonfidantza: Akatsak bizitzaren parte direla eta pertsonaren balioa murrizten ez dutela ikastea.
-Autoerregulazioa: Haserre bizian lehertzear zaudela sentitzen duzunean, zer egin behar den jakitea.
-Enpatia: Kideen eta helduen laguntza eta babesa onartzen ikastea.
-Irtenbide sortzaileak: Akatsak ideia berriak sortzeko erabiltzen ikastea.
_______________________
Hona hemen ipuinaren testu osoa:
BASURDEREN MARRAZKIA
Basoko eskolan, animaliatxoak arte-klasean zeuden. Beren landare gogokoena marrazten ari ziren. Han zeuden Azeri, azeria; Orein, oreina, eta Basurde, basurde ausarta.
Hontza irakasleak, hontz jakintsuak, artista ospetsu baten marrazkiak erakutsi zizkien.
—Begira ze polita! Gaur hauen antzeko marrazkiak egiten saiatuko gara —esan zuen Hontzak.
Arkatzak hartu eta marrazten hasi ziren denak. Basurdek bere arkatz berdea hartu zuen. Iratze perfektu bat marraztu nahi zuen, artistarena bezalakoa! Gogo eta kontzentrazio handiz hasi zen.
Basurdek zurtoina, hostoak... marraztu zituen. Baina bere paperari begiratu zionean, iratzea ez zen hain polita! Hostoak okertuta zeuzkan. Ez zen perfektua, berak amesten zuen bezala.
Marrazkia ezabatu egin zuen. Eta berriro hasi zen! Berriro ezabatu zuen. Zenbat eta gehiago saiatu, orduan eta okerrago ateratzen zitzaion! Sabelean korapilo bat egiten hasi zitzaion eta bularretik gora sua igotzen.
Haserrearen sua izugarri handitu zen bere baitan. Basurdek gauza itsusiak pentsatu zituen bere buruaz: "Hau marrazki txarra! Klaseko txarrena naiz! Inoiz ez zait ondo ateratzen ezer!" Bihotza tristuraz bete zitzaion.
Orduan, inori begiratu gabe, mahai gainean kolpe gogor bat eman eta, laguntza eskatu beharrean, mahai azpian sartu zen, bola baten antzera bilduta.
Azerik horrela galdetu zion:
—Basurde? Erori egin zara?
Basurdek amorru handiagoa sentitu zuen. “Zergatik galdetzen didate niri eta ez beste bati? Haiei dena ondo ateratzen zaie!” pentsatu zuen.
—Zoazte! Utzi bakean! -oihukatu zien bere ezkutalekutik.
Hontza irakaslea hurbildu egin zen. Marrazkia zimurtuta ikusi eta haserrearen zergatia ulertu zuen.
—Basurde, —esan zion Hontzak emeki—, ondo dago haserretzea, normala da, eskubidea duzu. Baina ezkutatzeak edo errua besteoi botatzeak ez du marrazkia aldatuko. Zure marrazkiak ez du kopia bat izan behar. Zure marrazkia zeurea da!
—Baina ez zait gustatzen! Eta haserre nago zuekin guztiekin! —garrasi egin zuen Basurdek, eta gero, ahotsa hautsita, esan zuen—: Haserre nago ezin dudalako!
Hontzak honela esan zion:
—Badakit haserre zaudela zeure buruarekin. Baina, ez da ezer gertatzen. Zu oso baliotsua zara. Minutu bat behar baduzu mahai azpian egoteko, egon lasai. Baina irteten zarenean, arnasa hartu, haizea botatzen duen txori indartsu batek bezala: arnastu eta bota amorru hori. Eta gogoratu: Zu bikaina zara, nahiz eta marrazkia zaila izan eta nahi duzun bezala aterako ez bazaizu ere. Marrazki batek baino askoz gehiago balio duzu.
Basurdek arnasa hartu zuen mahai azpian. Hamar arte zenbatu zuen. Haserrearen sua itzali egin zitzaion. Poliki-poliki, burua atera zuen.
—Eta orain, zer egingo dut zirriborro honekin? —galdetu zuen ahots apalez.
Orein hurbildu eta bere marrazkia erakutsi zuen. Zulo handi bat zeukan erdian!
—Begira, Basurde —esan zuen Oreinek patxadaz—, nire lorerik gogokoena egiten ari nintzen, eta, kolore lodia jartzean, papera zulatu egin zait. Zulo bat egin dut! Hasieran haserrea sumatu dut, baina gero pentsatu dut: zuloa habia izango da! Eta orain txoritxo batzuk marrazten ari naiz, habiaren barrura begira. Eta zure marrazkiak altxor bat gordetzen badu?
Basurdek irribarre txiki bat egin zuen. Bere iratzearen arrastoei begiratu zien.
—Badakit! Hosto hautsiak koloretako tximeletak izango dira, landarean pausatu direnak —esan zuen, bere arkatza hartuta—. Eta orbana, tximeletak bisitatzera etorri den laino magikozko hodei bat izango da.
Basurdek tximeletak eta lainoa marraztu zituen. Bere marrazkia ez zen perfektua, baina bakarra zen, ausarta, eta zoriontsu egiten zuen! Ikasi zuen akatsak ez direla amaiera, gaizki ateratzen zaizkigun gauzetatik asko ikas dezakegula, eta haserrea ideia bikain bihur daitekeela.
Aurrerantzean, Basurdek ez zuen akatsak egiteko beldurrik izan. Eta bere bihotza berriro indartsua izan zen!
Eta hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan, eta atera dadila herriko plazan.
Доступные форматы для скачивания:
Скачать видео mp4
-
Информация по загрузке: